Amurrioko Udalak Eskualdetik Mundura proiektua jarri du martxan

18 Maiatza 2018

Amurrioko Udalak, Arabako Foru Aldundiko Garapenari Laguntzeko Zerbitzuarekin elkarlanean, Eskualdetik Mundura izeneko proiektu pilotua jarri du martxan, tokikoan oinarrituta lankidetzan aritzeko beste modu bat bultzatzeko xedez, eragile gehiago sartuz eta aliantzak eraikiz planetako beste leku batzuekin. Proiektua datorren astelehenean, maiatzaren 21ean, 18:30ean, aurkeztuko da Katekesiaren Aretoan.

Amurrioko udalerrian aurrera eramango den esperientzia pilotu horri esker, lankidetzan aritzeko beste modu bat esperimentatu ahal izango da, udalerrian hainbat arlotan, kulturan, kirolean edo lankidetzan, besteak beste, lan egiten duten eta tokikoan oinarrituta lankidetzari, gizarte aldaketari eta elkartasunari lagundu nahi dioten erakundeekin batera.

Proiektu horren bitartez, udalerriko elkarteekin batera, tokiko intereseko gai batekin erlazionatutako elkartasunezko ekintza edo proiektu jakin bat definitu nahi da. Datorren astelehenean, maiatzaren 21ean, egingo den ekimenaren aurkezpen ekitaldian, eduki hauek landuko dira:

  • 2030 Agendaren eta Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuen aurkezpena.
  • Garapenerako Lankidetzara hurbilketa.
  • Eskualdetik Mundura ekimenaren aurkezpena.
  • Solasaldia, zalantzak, iradokizunak.