Amurrioko Udalak euskara sustatzeko eta ikasteagatiko diru-laguntzak eskaintzen ditu

8 Urria 2018

Amurrioko Udalak euskara sustatze aldera herritarrei ematen dizkien diru-laguntzen eskaerak aurkezteko epea irekita dago. Eskaerak urrian aurkeztu behar dira, eta herritar interesdunei eskatzen diegu eskaera erregistratu aurretik lehen solairuan dagoen Euskara Zerbitzura eramateko, bertan egiazta dezaten. Hori urriaren 31 baino lehen egin behar da, eskaera onartua izan dadin.

 Eskaerak aurkezteko epea 2018ko urriaren 31ra arte izango da.

Amurrioko herritarrek euskara ikas dezatela sustatzeko laguntza ekonomikoak:

Onuradunak: 2017-2018 ikasturtean Amurrion erroldatutako pertsonak, 16 urte beteak dituztenak, eta Amurrioko Udaleko langileak. 

Helburua: Deialdi honen helburua da Amurrioko herritarrek euskara ikastea sustatzeko diru-laguntzak arautzea.

Zenbatekoa: Ordaindutako matrikularen ehuneko 75 arte lagunduko da diruz; gehienez ere 1.961,06 euro emango zaio pertsona bakoitzari bere euskalduntze prozesu osoan zehar, Amurrioko Udaleko langileei izan ezik, horiei kostuaren ehuneko ehun emango baitzaie. Barnetegi batean 400 ordu edo lau hilabetetik gorako ikastaroa eginez gero, matrikula zenbatekoaren ehuneko 75 arte lagunduko da diruz (ehuneko 100 Udalekolangileen kasuan), baldin eta 5. urratsetik gorako mailak egiaztatzen badira.

 

Amurrioko herritarrek Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako euskara ikastaroetan parte har dezatela sustatzeko laguntza ekonomikoak:

Onuradunak: Amurrion erroldatuta dauden eta 16 urte baino gehiago dituzten pertsona fisikoak.

Helburua: Deialdi honen helburua da Amurrioko herritarrek Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako euskara ikastaroak egitea sustatzeko diru-laguntzak arautzea.

Zenbatekoa: Ordaindutako matrikularen ehuneko 50 arte lagunduko da diruz, eta gehienez ere 100 euro emango dira pertsonako eta urteko.

 

• Amurrioko herritarrek aisialdiko monitore- eta zuzendari-titulu ofizialak lortzeko ikasketak euskaraz egin ditzatela sustatzeko laguntza ekonomikoak:

Onuradunak: Amurrion erroldatutako eta 2018an aisialdiko begirale eta aisialdiko zuzendari titulu ofiziala lortzeko ikasten bukatu duten edo tituluok lortu dituzten pertsona fisikoak.

Helburua: Deialdi honen helburua da Amurrioko herritarren artean euskarazko aisialdiko begirale eta aisialdiko zuzendari titulu ofiziala ikastea sustatzera bideratutako dirulaguntzak.

Zenbatekoa: Matrikularen eta ordaindutako egonaldi gastuen ehuneko 50era arte diruz lagunduko da, gehienez ere 200 euro aisialdiko begirale ikastarorako, eta 90 euro zuzendari ikastarorako.