Bortizkeriaren biktimentzako arreta psikologikoa zerbitzua Amurrion egongo da kokatuta Arabako Foru Aldundiak eta Amurrioko Udalak sinatutako akordioren ostean

9 Uztaila 2018

Genero bortizkeriaren biktima izan diren emakumeek, haien seme-alabek eta zeharkako biktimek, Aiarako kuadrillakoek, aukera izango dute Amurrion bertan arreta psikologiko espezializatua jasotzeko, joan den astetik, Arabako Foru Aldundiak eta Amurrioko udalak genero bortizkeriazko egoeren aurreko esku hartzea koordinatzeko sinatuta daukaten hitzarmenean sartu dituzten berrikuntzen ondorioz.

Hala jakinarazi dute gaur goizean Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen arloko foru diputatuak eta Josune Irabien Amurrioko alkateak, herri horretako udalean egindako prentsaurrekoan.

Haren esanetan, joan den astean, Hegoak foru zerbitzua, zeinak arreta espezializatua ematen baitu genero bortizkeriazko egoeretan, Aiarako kuadrillako bikitimei, hala eskatzen dutenei, arreta eskaintzen hasi zen, arlo horretan espezializatutako psikologo baten bidez, Amurrioko Udalak horretarakoxe lagatako lokal batean. Halaber, joan den astetik, Foru Aldundiak ordutegi zabalagoa ezarri du Laudion eskualdeko biktimei ematen dien arreta psikosozialaren zerbitzuan, lehen astean bi egunetan eskaintzen baitzuen, eta orain hiru egunetan, udal horrekin daukan hitzarmenaren barruan.

Jakina denez, Arabako Foru Aldundiak eta Aiarako bi udal horiek elkarlanean dihardute, hitzarmen bidez, indarkeria matxistazko egoeren aurreko esku hartze sozialaren arloan, eta, zehazki, biktimei arreta emateko eta haiek babesteko jardun protokoloa garatzeko eginkizunean, eta goian aipatu ditugun horiek dira hitzarmen horietan sartu diren berrikuntza nagusietako batzuk.  

Arreta psikosozial hau Amurrio, Laudio, Aiara, Artziniega eta Okondoko emakumeentzat da, haien seme-alabentzat, eta bai ere bortizkeria mota horren biktima zeharkakoak direnentzat. Konfidentziala da, eta doakoa, eta ez du eskatzen aldez aurretik salaketa egiterik.

Zerbitzua aldez aurreko hitzordua eginik eskuratzeko da, telefono hauetara deituz: Amurrioko Udala: 945 891161; Laudion: 94 403 4850; eta Gasteizen, Agurainen edo Arabako Errioxan zerbitzua jasotzeko, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen telefono honetara deituz: 945151015

Aurkezpenean zehar, Marian Olabarrietak zera adierazi du: “bortizkeria matxistaren kontrako borroka eguneroko borroka da, etengabea, pausurik gabea, eta geroz eta biziagoa. Zoritxarrez, bortizkeria matxistak hor jarraitzen du Arabako emakume askoren eguneroko bizimoduan. Hori dela eta, neurri hauek onetsirik, nabarmenki hobetuko da Aiarako Kuadrillako emakume biktimentzako arreta, eta Arabako Foru Aldundiak, horrela, erantzuna eman ahal izango dio eskaera geroz eta handiagoari, eta biktima guztien ahalik eta gertuena jarri zerbitzu hau, edonon bizi direla ere”, adierazi du Gizarte Zerbitzuen arloko titularrak.

Bestalde, Josune Irabienek adierazi duenez, “genero-indarkeria egunero gertatzen den eta kezkatzen gaituen zerbait da; emakumeen giza eskubideak urratzen dituen egiturazko arazo sozial bat da; hortaz, hitzarmena berritzean hartutako neurri berri hauen bitartez, eskuragarri dauden baliabideak lortzeko laguntza emango da, eta, hala, erantzun eraginkorragoa eta gertukoagoa emango zaie biktimen beharrei”.