Fernando Garaik erakusketa egingo du La Casonan maiatzaren 19tik aurrera

18 Maiatza 2018

Fantasia eta gizarte arloko salaketa dira Amurrioko La Casonan maiatzaren 19tik ekainaren 3ra ikusi ahal izango den estilo figuratiboko pinturan landutako gaiak. Tamaina handiko hogeita hamar koadro baino gehiagoko erakusketarekin, artistak bere pintura lan zabalaren parte bat erakutsiko du.

Fernando Garaik jakin-min handia erakusten du bere lanaren aurrean, izan ere, ez du inoiz artelan bat amaitutzat ematen, beti egin ditzake aldaketak. “Mihiseak egunero aldatzen ditut, ezabatu, figura berriak sartu, baina beti eusten diot ideia nagusiari, leuntasuna erabiliz, gizarte arloko salaketa mezua bidaltzeko. Niretzat pintura erabateko sufrimendua da, ez dut inoiz lan bat amaitutzat ematen, eta beti egiten dut ahalegina nire artelanak ikusten ari den pertsonak ‘zergatik’ bat bila dezan”, azaldu du Garaik.

Margolaria etengabe ari da originaltasuna bilatzen. “Etengabeko buruhaustea daukat, nire pintura desberdina, originala, sortzailea izatea nahi dut”. Bere lana ikustean, bere figuren aurpegiek eta, batez ere, tristuraz betetako begiek, ikuslearen arreta guztia eurenganatzea eta akrilikoekin, olioekin, Judeako betunarekin, espraiekin, arrabolekin… egindako lanak gordetzen dituen kritika pintzelkadak hautematea bilatzen du.

Amurrion erakusketa egitea ez da gauza berria Muskizko Fernando Garaientzat, 2000. urtean ere bertan aritu baitzen, “El alcohol trabaja sin red” izeneko bere kartelak Amurrioko eta Aiarako Udalek sustatutako Enpresetan Alkohola Prebenitzeko Lehiaketa irabazi zuenean.