Gerra Zibilaren euskal fronteari buruzko lan arkeologikoak berriro martxan jarriko dira San Pedro mendian urriaren 15etik aurrera

10 Urria 2018

Talde arkeologiko batek, Josu Santamarina Otaolak (UPV-EHU) zuzendua, San Pedro Beratza mendiko Gerra Zibilaren euskal fronte ikertzeari ekingo dio berriz. Urriaren 15etik aurrera, ekipo hau gerra-posizioen analisi, dokumentazio eta balio-hartze integralean arituko da, 2016ko urriko eta 2017ko maiatzeko kanpainetan hasitako lanak jarraituz.

Aurreko kanpainan, indusketak San Pedro mendiko azken defendatzaile errepublikarren mikrohistoria ahaztuak berreskuratzean zentratu ziren, hau da, Euzkadiko Gudarosteko XIII. Brigadako gudari eta milizianoek utzitako aztarnetan. Borrokalari hauek frankisten erasoaldi bortitz bati aurre egin behar izan zioten, hauek euren alde Kondor Legio alemanaren hegazkinak, italiarren tankeak eta Nafarroaren III. Brigada z ituztelarik. 1937Ko maiatzaren 26a, San Pedro errepublikarraren azken eguna izan zen, defendatzaileek ezin izan baitzioten ofentsibari aurre egin, frankistek zinez Bigarren Mundu Gerran praktikatuko zen "eraso tximista" praktikan jarri baitzuten. Hala ere, gaur egun egindako indusketa arkeologikoek egun lazgarri horren testigantza materialak jasotzen dituzte.

Esaterako, ehunka balazorro topatu izan dituzte San Pedron, munizio honen jatorria anitza izanik: Errusia, Austria, Mexiko, Txekoslovakia, Polonia, Alemania, Frantzia eta Estatu Batuak. Honakoa gatazka horren izaera internazionalaren ebidentzia argia da. Gainera, industutako ametrailadore-abietan, izaera zibileko hainbat objektu ere topatu izan dira, besteak beste, 1878ko txanpona, Alfontso XII.a erregearen aurpegiarekin eta gerra garaiko diru eskasiaren lekuko, eta Gasteizko "La Esperanza" kontsumo-kooperatibaren 10 zentimoko txapa bat, agian, altxatuen errepresioaren lehen egunetan ihes egindako gasteiztar batek utzitako aztarna.

 

Dena dela, iazko aurkikuntza harrigarriena Euzkadi egunkariaren ale bat izan zen, honakoa Euzko Alderdi Jeltzalearen prentsa-organo ofiziala zelarik. Paperezko zati txiki eta hauskor batzuk baino ez ziren topatu 80 urtez pilatutako  lur-estratuen azpian, non eta ametrailadore-abi errepublikarretako batean. Laborategiko errestaurazio-lanek egunkariaren ale eta data zehatza identifikatzea ahalbidetu izan dute, San Pedro mendiko defendatzaileen azken irakurgaia gurera ekarriz. Arkeologikoki aurkitutakoa 1937ko maiatzaren 5eko alea da, bertan Gernikako bonbardaketari eta milaka euskal ume errefuxiatuen ebakuazioari buruzko albisteak jasotzen direlarik. Euzkadi egunkariaren egoitza laster itxia izan zen, Francoren indarrak Bilbon sartu zirenean eta komunikabideen gaineko zentsura zorrotza ezarri zutenean. Egunkari honen inprentak Hierro argitalpenerako erabili zituzten, Falangeko organo ofiziala eta El Correo Español egunkariaren aurrekaria.

Lanean eta irekita

Urte honetan ere, lan arkeologikoak Amurrio eta Urduñako udalen finantzaketari esker garatu ahal izango dira, baita Aztarna elkarte etnografikoaren eta Lezama, Aloria eta Uzkianoko herrien laguntzarekin ere. Aurtengo lanetan, UPV-EHUko Historiako Graduko hainbat ikaslek euren unibertsitate-praktikak San Pedron burutuko dituzte. Beste kanpainetan bezala, "Lanean eta irekita" filosofia nagusituko da, UPV-EHUko GPAC ikerketa-taldearen zentzuan, honek San Pedroko lanen euskarri tenikoa eskaintzen duen heinean eta Gasteizko Santa Maria Katedralaren lanetan urtetan zehar izandako arrakastaren fruituak jasoz. Horrela, edonork indusketa hauek bisitatu ahal izango ditu astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 16:00etara.

San Pedro mendiko paisaia agian Euskal Herriko Gerra Zibilaren hobekin kontserbatutako gerra-paisaia izan daiteke. Eta, horren harira, aurtengo indusketek ondare-balio hori azpimarratu eta gunea bisitagarri egiteko lehen neurriak hartuko dira. Lubakien tarte batzuk zabalduko dira, jendeak borrokagune honen historia bizi dezan.

Auzolana

Bukatzeko, eskualdean hainbat hitzaldi eta barferentzia ospatuko dira, baina proiektuaren partetik bi hitzordu azpimarratzen dira. Alde batetik, urriaren 20an, larunbateko goizean, ospatuko den auzolanean parte-hartzeko deialdia zabaltzen da interesatuta egon daitekeen edonorri. Eta, bestetik, azaroaren 1ean, Santu Guztien Egunean, osteguna eta jaieguna izanik, Ate Irekien Jardunaldia ospatu egingo da, goizean, jende guztiak indusketen emaitzak ikus ditzan.